Albisteak

 

EMEekin Azaro Fundazioak Leartibai Garapen Agentziarekin eta Lea-Artibai Ikastetxearekin elkarlanean martxan jarritako programa berri bat da. Lea-Artibai eskualdeko emakume langabetuei zuzenduta dago, eta hauen ekintzailetza eta kalitatezko enplegu egonkorrak bultzatzea da bere helburua. Formazio programa berritzaile baten bitartez emakumeak ahaldundu eta egungo lan mundurako beharrezkoak diren tresnak ahalbidetuko zaizkie laneratzeko momentuan prest eta konfiantzaz sentitzeko.

Martxoaren 8an hasi (Emakumeen Nazioarteko Egunari keinu eginez) eta irailaren 30era arte iraungo duen programa honetan (abuztua izan ezik), formazioa eskaintzeko modua ez da ohikoa izango, online klaseak konbinatuko baitira astean bost orduko klase presentzialekin. Parte hartzaileek gai ezberdinak jorratzen dituzten bideoak ikusiko dituzte etxean, eta dudak argitzeko edo galderak erantzuteko tutorearekin etengabeko harremana izango dute emailez edo telefonoz. Astean egun baten (gehienez bitan) klase presentzialak izango dituzte, dinamikoak eta ikasitakoa modu erlaxatu eta erraz batean barneratzeko prestatutakoak. Metodologia berritzaile honen bitartez, IKT tresnen erabilera bultzatu eta familia bizitzarekin bateragarritasuna erraztu nahi dira.

EMEekin-en profil ezberdinetako emakumeak batuko direnez, formazioaren hasieran bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio, bere kasu eta ezaugarriei egokitutako ibilbide pertsonalizatu bat diseinatzeko. Landuko diren gaiei dagokienez, modulu ezberdinetan banatuta egongo dira. Esaterako, parte hartzaileek lidergotza, komunikazioa, sormena, emozioen kudeaketa eta bestelako gaitasunak garatzeko aukera izango dute mindfullnes eta coaching bezalako tekniken bitartez. Gainera, negozio ereduei eta berrikuntzari buruzko klaseak ere izango dituzte, enpresa munduarekin kontaktua berreskuratu eta egun baloratzen dituzten gaitasunak zeintzuk diren jakiteko. Enpresa munduan bogan dauden gaiak ere landuko dituzte. Halaber, ekintzailetzak ere bere tartetxoa izango du, norbere enpresa sortzea beste lan aukera interesgarri bat izan baitaiteke emakume hauentzat.

Honez gain, programaren azken modulua lan orientazioari eskainita egongo da. Besteak beste lan elkarrizketa bat prestatzen edota curriculum egoki bat aurkezten ikasiko dute, lana aurkitzeko momentuari beldurra kendu eta euren burua prozesu horretarako prestatuz. Gainera, antolatzaileek ahal den guztia egingo dute  programa bukatzerakoan lan elkarrizketaren bat lotuta izateko.

Izena emateko jarri kontaktuan Azaro Fundazioarekin 946169172 telefonoan edo bidali email bat azaro@azarofundazioa.com helbidera. Izena emateko azken eguna otsailaren 23a izango da.